Elkarlana

GOIENA hainbat sozietate eta elkartetako bazkide da. Bazkidetzak eta elkarlana bultzatzen du eginkizun eta balore berdintsuekin lanean ari diren beste sozietate edo elkarte batzuekin.

Hona horietako batzuk:

Herri komunikabideak

Euskal Herrian euskarazko eskaintza informatiboak garatzeko asmoarekin sortua, Euskal Herriko hainbat hedabide eta elkarte ditu bazkide. 2004an sortu zen.

Topagunea

Topagunea euskara elkarteen federazioa izanik, bakoitzaren eta guztien jarduera indartzea du helburu. Helburu hauek lortzeko, euskara elkarteen arteko harremanetan sakondu nahi du, eraginkorragoak izan daitezen lagunduz, eta antzeko gaien inguruko esperientzien trukaketa bultzatuz.

Euskara elkarteen eta bazkide diren hedabideentzat aholkularitza eta ordezkaritza eskaintzea dira Topagunearen beste helburu batzuk. 1997an sortua.

Tokikom

Euskal Herriko euskarazko tokiko hedabideek osatzen dute Tokikom. 2012an sortu zen eta Goiena Komunikazio Taldea Kooperatiba Elkartea da elkarte horretako sortzaile eta kideetako bat.
Euskarazko tokian tokiko hedabideen indarra eta talde izaera adierazi eta erakustea da Tokikom-en helburua eta, ahal denetan, sinergiak aprobetxatu eta produktu, zerbitzu edo proiektu komunak abiatu eta kudeatzea. Tokikotasuna tamaina txikiarekin lotzen da sarritan, batez ere, iragarle handien eta bestelako eragile publiko eta pribatuen aldetik, eta ez dugun irismen handiarekin, edo irakurleen atxikimenduarekin.

Hori saihesteko, Tokikom sortzea erabaki dugu, tokiko hedabideen talde izaera indartu eta, elkarlanean oinarrituta, XXI. mendeko euskaldunok behar dugun egitura komunikatiboa osatzen laguntzera datorren sozietate berria.

Tokiko

Euskarazko tokiko telebisten elkartea, hauen jarduna indartzea bazkideei lagunduaz eta berriak sortzeko urratsak ematea du helburu, tokiko telebisten sektorean euskararen presentzia bermatzeko eta indartzeko politika eraginkorrak bultzatuaz.

Bazkideei aholkularitza teknikoa eta juridikoa eskaintzeaz gain, programazioetan eragin nahi du programa berriak egiteko finantzazioa bilatuz, eta baliabide teknikoak bazkideen eskura jarriaz. 2005ean sortua.

Hekimen

Euskarazko hedabide ez publikoak batzen dituen elkartea da Hekimen. Bertara batzen dira tokian tokiko euskarazko hedabideak, baina baita Berria edo Argia bezalako hedabide nazionalak ere.
Goiena Komunikazio Taldea Kooperatiba Elkartea hasieratik da Hekimenen sortzaile eta bultzagile eta bertako kide da.
Euskal hedabideek 2011n Gipuzkoa Berritzenen barruan hasitako prozesu baten emaitza da Hekimen Euskal hedabideen Elkartea. Sektorearen definizio eta diagnosia egin zuten elkarrekin, helburua izanik hedabideon errealitatea irudikatu eta elkarrekin behar zuten bidea marrazteko.
Abiapuntua markatu zen, eta landutako txostenari esker, pausu bat harago egin, eta 2012an elkartea sortu zuten.