Bilakaera, ‘net’-etik ‘eus’-era

Goiena, ‘net’-etik ‘eus’-era

Teknologia berriek eta Internetek eskatzen duten etengabeko berrikuntzara estuki lotua egon da lehen urratsetatik GOIENA. Goiena.net-ek, bere garaian, euskararen presentzia indartu eta bultzatzeak berebiziko garrantzia izan zuen. Eginkizun hori modu profesional eta serioan egiten dihardu GOIENAko lantaldeak informazio, entretenimendu eta komunikaziorako tresna digitaletan urterik urte sakonduz. Goiena.net zena Goiena.eus da 2014tik aurrera; guztiz eraberritua eta erronka gehiagori heltzeko gertu

Lehen urratsak mundu zabaleko sarean

Goiena.net 2003ko azaroan jarri zen martxan. Informazioa da webgunearen funtsa, batez ere hasieran, eta diseinua ere horretara bideratuta zen. Irisgarritasun eta erabilgarritasun irizpideekin egindako gunea izan zen hasierako Goiena.net. Django plataforman eginda zegoen, software librean. CodeSyntax enpresak egin zuen webgunea eta Goienaren atari digitala tokiko informazioaren jauzi digitalean aitzindari izan zena orduan ere.

Diseinua

Goiena.net webgunearen hasierako diseinua Goio Aranak (Goiena) eta Maite Rementeriak (CodeSyntax) landu zuten. 2004. urtean, Goiena.net-ek Portugal eta Espainiako diseinu onenaren saria jaso zuen.

Hasierako urratsen ondoren, 2010a geroztik, erabateko berrikuntza jasan zuen Goiena.net-ek. Multimedia izaera berezkoan sakontzeko urratsak garrantzitsuak eman ziren. Besteak beste, Goiena Telebista-n landutako eguneko albisteen laburpena eta bideoak ikus zitezkeen. Berrikuntzen artean, zorion-agurren edota sailkatuen atalak zeuden. Edonork bidaltzeko bidea ireki zen, partaidetza zabaltzen hasi zen.

Teknikoki, 2010. urtean, Django plataformaren gainean garatu zen bertsio berria, MySQL datubasearen gaineko kudeaketa eginez. Informazioa eta edukia emateko modua erabat aldatu zen, honenbestez. Hurrengo urratsa 2013an etorri zen. Django eta MySQLren gainean berregin zen webgunea, Tokikom elkartea osatzen duten beste komunikazio talde batzuekin batera garatutako aplikazioa berrerabiltzeko. Menuen antolaketa, edukien kudeaketa eta beste hainbat gauza aldatu ziren, horrenbestez. Diseinuari dagokionez, gailu guztietarako moldatu zen urte horretan Goiena.net, Responsive Design delako eredua jarraituz.

2014. urtean, Goiena.net izatetik Goiena.eus izatera pasa zen. Izena aldatzeaz gain “Goiena komunitateari” espazio handiagoa emateko bideak jarri diren urtea da 2014a. Izen bereko garapen berezi bati esker, Goiena.eus-en norbanako, erakunde eta taldeei webgunean leiho bat eskaini zaie Goienaren barruan. Horrez gain, atal komertzialetik Gidaren bertsio digitala ala Aurreztu.com deskontuen webgunea martxan jarri dira.