Telematika

Telematika

Goiena.net

Teknologia berriak eta Internet arloan aurrerapauso handiak eman dira GOIENAn. Goiena.net -en, euskararen presentzia indartu eta bultzatzeak berebiziko garrantzia du. Eginkizun hori modu profesional eta serioan egiten dihardu GOIENAko lantaldeak.

Goiena.net 2003ko azaroan jarri zen martxan. Informazioa da webgunearen funtsa, batez ere hasieran, eta diseinua ere horretara bideratuta dago. Irisgarritasun eta erabilgarritasun kontzeptuekin egindako gunea da Goiena.net, ZOPEren Plone plataforman egina, software librean. CodeSyntax enpresak egin du webgunea.

Diseinua

Goiena.net webgunearen diseinua Goio Aranak (GOIENA) eta Maite Rementeriak (Code&Syntax) landu zuten. 2004. urtean, Goiena.net-ek Portugal eta Espainiako diseinu hoberenaren saria jaso zuen.

Orain ordea, Goiena.net berritua martxan da! Besteak beste, GOITBn landutako eguneko albisteen laburpena ikusi ahal izango da. Berrikuntzen artean, zorion-agurren edota sailkatuen atalak daude. Edonork bidali ditzake gainera!

Lantaldearen jarduna

Goiena.net-ek eguneroko funtzionamenduan aldaketa sakona ekarri du lantaldera. Kazetariek, albistea jaso ahala, lehenengo Interneteko bertsiorako lantzen dute eta gero beste euskarrietarako prestatu albistea. Informazioa inork baino lehenago sarean jartzen dute kazetariek, euskara zaindu eta modu arinean erabiliz.

Danbaka.com

Goienak martxan jarri du www.danbaka.com webgunea. Bloga egiteko aukera Euskal Herriko musika talde guztiei dago zabalduta. Bloga egin nahi duen edonork bidal dezala e-posta bat danbaka@danbaka.com helbidera.

Informazio ugari

  • Debagoieneko Musika Lehiaketaren gaineko informazio guztia izango da bertan.
  • Debagoieneko musika taldeen gaineko albisteak ere egongo dira irakurgai. Baita Debagoienetik kanpo baina debagoiendarrei interesgarriak irudituko zaizkien bestelako musika albisteak ere.
  • Nahi duten musika taldeek beren bloga izateko aukera dute. Musika taldeek ez dute ezer ordainduko eta webgune horretan argazkiak, abestiak mp3 formatuan eta bideoak kargatu ahal izango dituzte, besteak beste.

Sustatu.com

Profesional euskaldunentzako albistegi bat da Sustatu. Ekonomia, enpresa eta kulturaren alor desberdinetan (irakaskuntza, informatika, industria, zerbitzuak...) lanean diharduten eta prestatzen ari diren gazte eta helduentzako zerbitzu bat da. Sustatu.com GOIENA Komunikazio Zerbitzuak eta CodeSyntax-en esku dago. Bi enpresek kudeatzen dute.

Albisteak

Web eta e-posta bidez informazioa banatzen duen gune bat da Sustatu, eta irakurleen partehartzea posible egitea da bere azpiegituraren bertuteetako bat.

Weblog bat izateaz gain, boletin elektroniko bat ere bada Sustatu. Harpidetzaren bidez, e-postaz jaso daitezke albisteak, dohainik. Kasu horretan, harpidedunak ez ditu jasotzen albiste osoak, baizik titularra eta sarrera txiki bat. Ziurtatua dago Sustatu-ko buletinen bidez ez dela birusik bidaliko.

Euskaraz

Teknologia berrien garaian ere, euskararen presentzia indartu eta bultzatzeak berebiziko garrantzia du. Baina, Sustatu euskara bultzatzeko ekimen bat izateaz gain, gai profesionalei zuzendutako ekimena da; hori bai, euskaraz egina irakurle euskaldunentzat.

Komunitatea eta helburuak

Badaude euskaldunak teknologia berrietan eta Interneteko eremuan lanean, hainbat industriatan eta alor ekonomikotan. Batzuk zuzenean euskarazko produktuekin, beste asko era askotako enpresetan hizkuntzarekin zerikusirik ez duten eginkizunetan. Jende profesional prestatua, gaztea eta euskalduna, badago. Baina ez komunitate bat, baizik eta talde sakabanatu bat.

Hauek dira Sustatu-ren helburuak:

1-. Informazioaren sorkuntza eta hedapena.

2-. Profesional euskaldunen komunitatearen trinkotzea.

Helburu horretarako, komunitatearen partehartzea ezinbestekoa da. Sustatu-ko berriemaile izan daiteke irakurlea; informazio eta iritzi sortzaile bihurtu daiteke. Gainera, Sustatu-ko albisteak ez dira artikulu soil eta itxiak: artikuluei erantzuteko aukera du irakurleak, informazioa osatzeko, zuzentzeko, eztabaidatzeko, etab.