Goienkaria

Goienkaria

Goienkaria da Debagoiena osoan, egubakoitzetan, doan banatzen den informazio orokorreko astekaria. 19.000 ale banatzen ditu astero: politika, ekonomia, hezkuntza, gizartea, kirola, kultura..., arloko ibarreko berriak jasotzen ditu, asteak emandakoari eta datorrenari erreparatuz.

Elkarrizketak, iritzi orriak eta zerbitzuetako zein entretenimenduzko informazioa ere badakar. 56 orrialde dauzka, prentsa paperean inprimatzen da eta egunkari formatukoa da.

Goienkaria-rekin batera, urtean zehar, hainbat gehigarri tematiko, komertzial edota ibarreko herrietako jaien gaineko bereziak ere argitaratzen dira.

Goienkaria berritua

Berriki goitik behera berritu da Goienkaria, bai diseinuz eta baita edukiz ere. Berritasunetako bat da edizio bakarrekoa dela, hau da, ibarreko herri guztietan berdina banatzen dela eta orrialde gehiago dituela, 56 hain justu ere. Bestalde, aldizkariri batasuna emate aldera, orain arteko herri aldizkarien mantxeten izenak desagertu egin dira.

Aldaketa honekin, produktuari batasun bat emateaz gain, eskualdeari garrantzia eman zaio, geroago eta indar handiago eta albiste sortzaile handiago den heinean. Hala ere, herriek informatiboki pisu handia dute Goienkaria berrituan, izan ere, herriek egiten dute eskualdea.

Bloga ere badauka Goienkariak. Bertan, berritze prozesua nolakoa izan den ikusi dezakezue.