Danbakan izena emateko epea zabalik irailaren 17ra arte
2010-09-08 ¦ Goiena
Abian da Danbaka Musika Lehiaketaren 4. edizioa. Izena emateko epea irailaren 17ra arte dago zabalik. Aurkezten direnen artean, epaimahaiak 19 talde aukeratuko ditu eta ikusleek 20. taldea aukeratuko dute Interneten botoa emanez. Aurten gainera, lehen aldiz, Debagoieneko talde onenak bideoklipa grabatzeko sari berezia jasoko du.
Ikusleen parte-hartzea
Lehiaketan ezin izango du edonork parte hartu, denek bete beharko dituzte baldintza zehatz batzuk. Era horretan, taldeko kideren bat gutxienez Debagoiena, Debabarrena edo Durangaldekoa izan beharko du, eta taldeak ezingo du indarrean kontratu diskografikorik izan. Baldintza horiek, eta gainerako oinarriak Danbakaren webgunean dituzue.
Izena ematen duten talde guztiek ez dute lehiaketan parte hartuko ordea. Horietatik hogeik joko dute lehiaketan, 19 epaimahaiak hautatuta. Talde horien izenak urriaren 4an emango dituzte aditzera, eta falta den gainerako taldea ikusleek aukeratuko dute. Urriaren 8ra arte izango dute horretarako aukera, eta Internet bidez emango da bozka. Hogeigarren taldea aukeratzeaz gainera, ikusleen saria ere egongo da. Hala, Internet bidez botoa emateaz gainera, Espaloia Kafe Antzokira bertara joaten direnek ere euren epaia eman dezakete. Azken aukera horrek izango du saria aukeratzeko garaian pisurik handiena.
Bideoklipa egiteko saria jasoko du Debagoieneko talde onenak
Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin elkarlanean, disko bat argitaratzeko aukera edukiko du Danbakako garaileak, orain arte izan den moduan. Debagoieneko talde onenaren saria ere badago, 2008ko edizioaz geroztik; eta diskoa grabatzeko baino, bideoklip bat grabatzeko aukera edukiko dute aurten lehenengo aldiz. "Musikan gero eta indar handiagoa hartzen ari dira ikus-entzunezkoak, eta horregatik hartu dugu hautu hori" azaltzen du Iban Arantzabal Danbakako antolatzaileak. "Bideokliparen zabalkundea era askotakoa da gainera, youtuben, norbere blog edo webguneetan, telebista lokaletan... gaur egun musikaz gain irudia ematea ere eraginkorra da oso. Eta zer esanik ez jendartean ezagutarazten hasteko", zehazten du.
Danbakako emanaldiak
- Urriaren 22an, egubakoitza
- Azaroaren 5ean, egubakoitza
- Azaroaren 19an, egubakoitza
- Azaroaren 26an, egubakoitza
- Abenduaren 17an, egubakoitza
Finala
Urtarrilaren 14an, egubakoitza
Kontzertu guztiak Elgetako Espaloia Kafe Antzokian izango dira, 22:30ean.
