« Itzuli albistegira

'Euskaldunon Egunkaria'-ri elkartasuna

2009-12-15  ¦  Goienako zuzendaritza batzordea eta langileak

Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkarteko zuzendaritza batzordeak eta langileek elkartasuna adierazi nahi die 'Euskaldunon Egunkaria'-ren kontrako auzian epaituak izango diren bost lagunei eta baita 'Euskaldunon Egunkaria'-ko arduradun eta langile guztiei ere, sufritzen diharduten bidegabekeria dela-eta.

'Euskaldunon Egunkaria'-ri elkartasuna

Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta arduradunen atxiloketa eta epaiketa guztiz zentzu bakoa dela deritzogu eta adierazpen askatasunaren eta eskubide indibidualen aurkako eraso justifika ezina.

Eskatzen dugu Espainiako Auzitegi Nazionalak Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako auzia bertan behera laga dezala eta errepara dezala orain arte egindako kaltea.

Animatzen ditugu debagoiendarrak parte hartzera oraingo zapatuan Bilbon egingo den manifestaziora, Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako epaiketa salatzeko.

Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkarteko zuzendaritza batzordea eta langileak Arrasaten, 2009ko abenduaren 15ean