'Asteleheneko Goienkaria' berritua abian da
2006-12-18 ¦ Goiena.net
Gaur, abenduak 18, jaso dugu Asteleheneko Goienkaria berritua. Eduki aldetik, informazio gehiago du: herriei tarte berezi eta zabalagoa eskaintzen die; iritzi gehiago du; asteburuko berriak ere bai; kronikak; eta, nola ez, gure eskualdeko kirolari eta taldeen kontuak ere luze eta zabal. Guzti hau, diseinu berrituarekin dator.
Izan ere, aurki beteko dira hiru urte Goiena Komunikazio Zerbitzuen produkturik berriena, Asteleheneko Goienkaria, abian jarri genuenetik. 2003ko abenduaren 22an izan zen hori. Orain, hirugarren urteurrena ospatzeko, goitik behera berrituta kaleratu dugu.
Produktua hobetzeko eta zuri, gure irakurle zaren horri, kalitateko aldizkari interesgarri, entretenigarri eta erakargarria egiteko berritu dugu Asteleheneko Goienkaria.
Eskualdea da gure jomuga: hemengo herritarrak, elkarteak, erakundeak, enpresak...; gertutasuna da gure indarra; eta euskara da gure tresna eta Goiena egitasmoari esanahia ematen diona. Eskutik goaz, hortaz, euskara, zeu irakurle hori, eta Goiena. Eta, hala jarraitu nahi dugu, etorkizuna eskutik eraiki nahi dugulako, Debagoienean euskarazko eta kalitatezko hedabide modernoak bultzatu nahi dugulako, orain arte bezala eta beste inon ez bezala, zuregatik esker eredu garelako Euskal Herrian euskarazko informazio lokalean.
Horregatik guztiagatik, berritu eta hobetu dugu Asteleheneko Goienkaria, oraingo astelehenean irakurri ahal izango duzuna.

