INTERNET

Muina eta komunitatea: ‘Goiena.eus’

Goienako hedabideen muina da Goiena.eus, informazioaren, multimediaren eta Goiena komunitatearen plaza digitala. Hala, 2013an diseinua erabat berritu zenetik, gaur egungo Goiena.eus-ek diseinu sinple, erabilgarri eta argiagoa du, aldi berean, webgunearen tresna eta atal guztiak eskuragarriago jarrita. Goiena.eus gertu dago eskuko telefono, tablet eta mahaigaineko ordenagailuetarako diseinu bakar eta sendoarekin erantzuteko, Responsive Design delakoari esker: diseinu bakarrarekin pantaila neurri eta sistema guzietara egokitu eta moldatzeko prest dago.

Webgunea muin, komunitatea ardatz

Goiena.eus Debagoieneko herritar, erakunde eta talde guztientzako leiho irekia da. Parte-hartzea eta elkarreragintza bideratu eta forma emateko Komunitatea delako gunea abiarazi zen 2013an. Goiena.eus-eko Komunitatean edonork kontua ireki eta artikulu, argazki eta galeriak igo ditzake. Komunitateko partaideak eurak kide izateaz gain, berriemaile eta ekintzaile bilakatzen dira horrela, eta baita albiste iturri. Goiena.eus ireki eta parte-hartzailego bilakatu du Komunitateak. Leiho ireki honi esker eta blog komunitate propio eta biziaren ekarpenekin, Goiena.eus debagoiendarren ataria da, informaziorako, entretenimendurako eta komunikaziorako.

Captura de pantalla 2014-10-16 a la(s) 11.10.32

Blog komunitatea

Webgunearen lehen urratsekin batera ekin zion blog komunitateak ibilbideari, eta harekin batera hazi eta osatu da. Euskaraz blogintza plataforma eskaintzen lehenetakoa izan zen Goiena eta apustu horri eutsi dio urte hauetan guztietan. Erreferentzia bilakatu da eta hori frogatzen du hasierako blogari askok oraindik ere bitakora digitalari eutsi izanak; gainera, euskal blogosferan nabarmen izaten jarraitu dute. Gaur egun, WordPress plataformaren gainean eraikitzen dira blogak eta erabat inplementatuta daude Goiena.eus-en egituraren barruan. Plataforma erabiltzeko erraza, euskarazkoa eta zerbitzari propioarekin eskaintzen du Goienak.

Captura de pantalla 2014-10-16 a la(s) 11.34.06

Multimedia eta transmedia

Goienako hedabideen batzaile eta erakusleihoa da Goiena.eus. Gainera, streaming-ean eskaintzen da zuzenean Goiena telebista, Goiena paperaren zenbaki guztiak aurki daitezke hemerotekan, eta, irudiekin eta bideokin, planteamendu multimedia transbertsala duen webgunea da, Goienaren berezko izaerarekin bat. Askotariko euskarriei esker eta hainbat mediotan aldi berean lan egiteko trebatutako kazetari eta teknikari lantalde zaildu eta malguari esker, informazio eta entretenimendurako webgune nagusia da Goiena.eus Debagoienean urte askotatik hona.