Sustatu.com

Sustatu

Profesional euskaldunarentzako albistegi bat da Sustatu. Ekonomiaren alor desberdinetan (irakaskuntza, industria, zerbitzuak...) lanean diharduten eta prestatzen ari diren gazteentzako zerbitzu bat.
Teknologia Berrien eta Interneteko garaian ere, euskararen presentzia indartu eta bultzatzeak berebiziko garrantzia du. Baina Sustatu ez da berez euskara bultzatzeko ekimen bat, baizik eta gai profesionalei buruzkoa, hori bai, euskaraz egina irakurle euskaldunentzat.
Lantokitik bertatik, ordenagailutik zuzenean informatzeko modu berria eskaintzen du Internetek, eta kanal berri erabili nahi dugu informazioaren sorkuntza eta hedapen eraginkorra lortzeko. Eta bide batez, uste dugu, proiektu berrien sorrera eta sinergien bideratzea ekar lezake. Hortaz, hauexek dira Sustaturen helburu nagusiak:
- Informazioaren sorkuntza eta hedapena.
- Profesional euskaldunen komunitatearen trinkotzea.
Helburu horretarako, komunitatearen partehartzea ezinbestekoa da. Sustatuko berri-emaileak irakurleak berak dira. Zu zeu, zauden tokian, informazio eta iritzi sortzaile bihur zaitezke. Zuzeneko aportazioekin, edo beste bide batzuetatik jaso dituzun oihartzunak zabaltzen. Gainera, Sustatuko albisteak ez dira artikulu soil eta itxiak: artikuluei erantzuteko aukera duzu, informazioa osatzeko, zuzentzeko, eztabaidatzeko.
Kredituak
Sustatu.com Goiena Komunikazio Zerbitzuek eta CodeSyntax informatika enpresak sortutako ekimena da. GOIENA da Sustatuko adar editoriala, CodeSyntax adar teknikoa. Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du 2001. urtean.
- Editorea: Iban Arantzabal (GOIENA).
- Softwarea: Garikoitz Araolaza (CodeSyntax).
- Diseinua: Maite Rementeria (CodeSyntax).
- Batzorde editoriala: Luis Fernandez (CodeSyntax), Mikel Irizar eta Joxe Aranzabal.
