Arrasate Irratia

Arrasate Irratia
FMko 107.7an
Arrasate Irratia-k FMko 107.7an emititzen du, euskara hutsean. Bereziki herriko eta ibarreko kontuetan espezializatutako irratia da, nahiz eta mundu zabaleko gertakariak ere jasotzen dituen, beti ere, herriko ikuspuntua galdu gabe.

Esan bezala, Arrasate Irratia herri irratia izanik, Udal irratien legeak Arrasaten bakarrik emititzea baimentzen du, baina GOIENA komunikazio enpresaren adar bat izanda, GOITB -ren seinaleaz baliatuta, irratia entzuteko beste aukera bat ere badago telebistaren bitartez; horrela, bada, GOITBk zuzeneko saiorik ez duen orduetan Arrasate Irratia Debagoieneko txoko guztietara heltzen da Goiena Telebista-ren bitartez.
Eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan
Bigarren etapa honek hainbat aldaketa ekarri zituela esan badugu ere, horien artean ezin ahantz daiteke 2000ko maiatza ezkero Arrasate Irratia-k 24 orduko emisio propioa duela, jarraian ezagutuko ditugun zuzeneko saioekin batera musika baita lagun FMko 107.7an. Era guztietako musika, une bakoitzerako doinu aproposenak eskaintzeko asmoz. Horretaz gain, Euskadi Irratiaren albistegi laburpenak ere eskaintzen dizu goizero 107.7ak.
Zuzenean, 10:00etatik aurrera
Hain zuzen, 10:00etan zabaltzen ditu mikrofonoak Arrasate Irratia-k, astelehenetik ostiralera bitartean. Eguneko berriekin iratzartzen gaituzte Ubane Madera, Aitziber Aranburuzabalak eta Edu Mendibilek; herrian gertatzen denaren lekuko zuzena da, eta ibarreko gainerako herrietan berriemaileak ditugu Arrasate Irrati-ko albistegian.

Joxe Landa eguraldi adituak egunero egiten digu eguraldi iragarpena. Igo autobusera! magazinean gai anitz lantzen dituzten elkarrizketak izango dituzu entzungai: dietista, abokatu, sexologo, gastronomo, kirolari, musikari, antzerki eta beste hainbat.
Arrasate Irratian, 107.7an, nahi duzun pertsona zoriondu edo agurtzeko aukera duzu. Horretarako lasai deitu irratiko telefonora: 943 25 05 05
Baina goizean ez ezik, arratsaldean ere baduzu irratsaioen ibilbideaz gozatzeko aukera. Izan ere, 14:00etatik 16:00ak bitartean errepikatu egiten ditugu goizeko saioak. Bigarren albistegia eta Zorion Agurren tartea berriro entzuteko aukera ere badago arratsaldeko 17:00etan. Gainera, iluntzeko 19:00, 21:00 eta 23:00etan, bigarren albistegia ere entzungai izango duzu.
Asteburuetan ere bai
Asteburuetan ere baduzu zer entzun herri irratia piztuz gero. Hain zuzen ere, astean egindako elkarrizketak entzungai izango dira zapatuan eta domekan, 10:00etan hasita.
