« Volver a la noticias

'Goiena.net' berritu dute: etorkizunari aurre hartu diote irudiarekin

18-12-2006  ¦  Goiena.net

Diseinu berria du Goiena.net-ek. Eta, diseinuaz gain, beste hainbat berrikuntza ere baditu: telebista, sailkatuak eta zorion agurrak Interneten ikusi ahal izango dira.

GOITBn landutako eguneko albisteen laburpena ikusi ahal izango dugu Goiena.net-eko telebistan; lehengo idatzizko albisteei irudiek lagunduko diete orain, egunean zehar Debagoienean gertatzen denaz jabetzeko.

Beste berrikuntzetako bat zorion agurrak dira. Orain arte Goienkaria-n bakarrik agertu izan dira zorion agurrak; orain, sarean kontsultatu ahal izango dugu zeinek betetzen dituen urteak egun jakin batean. Gainera, norbait zoriondu nahi duen edozeinek jarri ahal izango du zorion agurra webgunean bertan, horretarako prestatu duten gunea erabilita. Paperetik sarerako saltoa eman dute sailkatuek ere. Etxea erosi, lana bilatu edo eskolak hartzeko Goiena.net-en kontsultatu ahal izango da.

Blogak indartuta

Duela ia bi urte sortu ziren Goiena.net-eko blogak. Tarte horretan asko hazi da blog komunitatea: 50 bat blog pertsonal eta 60 bat blog komertzial daude gaur egun. Goiena.net berrituan blog hauei garrantzi handiagoa eman nahi diete eta horretarako blogek leku handiagoa dute orain webgunearen portadan.

Web 2.0-ren filosofiarekin bat eginda, aurrerapauso handia egin du Goiena.net berrituak. Benetako Debagoieneko komunitatea egin nahi dute sarean eta, horretarako, jendeak parte hartzeko aukera du webguneko atal ezberdinetan: zorion agurrak bidaliz, albisteetan eta blogetan erantzunez, eztabaidetan parte hartuz...